XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alferrik ari zara garrasika, eta zuek isil zaitezte, honek bezala zigor bat jaso nahi ez baduzue.

Eta Baxarri kanpaia jotzera joan zen, gu herrenkadan jarri ginen, eta gelan sartu ginenean ere oraindik negarrez ari zen Joakin.

- Ederki hasi gara - esan zuen andereñoak -. Beno, Joakin, zer gertatzen da? - Joakinek esplikatu zion, andereñoak hasperen bat egin zuen eta labana bat ekartzea ez zela oso egokia baina saiatuko zela Dubon jaunarekin - hau da Baxarriren benetako izena - guzti hura konpontzen.

- Beno - esan zuen andereñoak -, ikus dezagun zer ekarri duzuen.

Jar itzazue zuen gauzak mahai gainean.

Orduan denok eramandako gauzak atera genituen: Alzestek behin bere gurasoekin oso ondo bazkaldu zuen jatetxe batetako erreziboa eraman zuen; Eudesek Itsasertz Urdineko postal bat; Agnanek bere gurasoek Normandian erosi zioten geografiako liburu bat; Clotaire ezer gabe etorri zen, etxean ez omen zuela ezer aurkitu esanez, baina hori berak hezurrak ekarri behar zirela ulertu zuelako; eta Maixent eta Rufus kaiku ergel horiek bakoitzak txirla bana eraman zuten.

- Bai - esan zuen Rufusek -, baina nik neurea neuk harrapatu nuen hondartzan, ia itoan zebilen gizon bat salbatu nuen hartan.

- Ez iezadazu barregurarik eman - hasi zitzaion ondotik Maixent.

Hasteko, zuk ez dakizu ia igerian eta, bigarrenik, zuk zeuk harrapatu bazenuen txirla hori hondartzan, zergatik jartzen du hor Souvenir de Plage des Horizons?.